V.2.3 ATALA.- BASOKO LURZORU URBANIZAEZINA

107. artikulua.- Basoko lurzoru urbanizaezineko kategoria:

Kategoria honetan sartzen dira, gaurko erabilera eta etorkizuneko aurreikuspenak kontuan hartuta, basotarako joera garbia antzematen zaien lursailak.

Hortik kanpo gelditzen dira beheko aldeetan eta landazabalean dauden eta horien parte diren baso-esparruak; izan ere, baso horiek nekazaritza- zein abeltzaintza-erabilerekin bateratu, ordezkatu edo txandakatu daitezke.

Era berean, kanpo gelditzen dira Ordenantza hauetako 103. artikuluan aipatzen diren interes naturalistikoko basoak ere.

108. artikulua: Basoko lurzoru urbanizaezinean aplikatu beharreko araudia:

Irizpide orokorra honakoa da: baso-erabilera era ordenatuan eta zehaztu gabean bermatzea, baso-esparruen ekoizpen jasangarria ziurtatuz.

  • Jarduera sustatuak: Lurzoruaren baso-erabilera sustatuko da, irizipide orokorrean eta baso-arloko plangintzan ezarritakoaren arabera baso-esparruak mantenduz eta berriztuz. Ingurumen-hobekuntzako jarduera guztiak ere sustatuko dira.

  • Jarduera onargarriak: Atseden-erabilera estentsiboa jarduera onargarritzat hartzen da inongo mugapenik gabe. Honako jarduerak ere onartu ahal izango dira: atseden-erabilera intentsiboa —mahaiak, aulkiak eta barbakoak baso batzuetan bakarrik jartzeko aukerarekin, eta egokitzeko proiektuetan jasoko diren mugapenekin—; ehiza- eta arrantza-jarduerak, arloko berariazko mugapenekin; nekazaritza eta abeltzaintza, baina eraikinik egokitzeko edo berririk eraikitzeko aukerarik gabe, salbu ganadua gordetzeko bordak eta horietarako instalazio osagarriak (askak, kortak, etab.); nekazaritza-industriak, mugapen batzuekin; garraio-bideak, landa-bideak eta pistak; airetiko argindar-lineak; A eta B motatako zerbitzuen airetiko lineak, lurrazpiko lineak eta instalazio teknikoak, betiere lehendik dauden zuhaiztiei ez badiete eragiten instalatzerakoan; eta Erabilera Publikoko eta Interes Sozialeko eraikinak.

  • Jarduera debekatuak: Irizpide orokorrarekin bateraezinak direnak eta, zehazki, berotegiak, erauzketa-jarduerak, hondakin solidoen hondakindegi eta zabortegiak, eta bizitegiko eraikuntza-erabilera guztiak, nekazaritza-ustiapenetara atxikita egonda ala ez.