II.2 KAPITULUA.- PLAN OROKORRA GARATZEKO PLANGINTZA

11. artikulua.- Plan Orokorraren garapena

Plan Orokor honen garapena Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak 59. artikuluan zehazten dituen antolamendu xehatuko planen bitartez egingo da.

Hirigintza-Fitxetan, Kudeaketa-baldintzak puntuan zehazten da plan xehaturen bat bideratu behar den ala ez, hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako eremuak garatu ahal izateko.

Plan Orokorrak aurreikusi ez dituen antolamendu xehatuko planen kasuan, horien espedienteak bideratu ahal izateko, aurrez edo aldi berean beste espediente bat bideratu beharko da, Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzkoa, eta bertan justifikatu beharko dira aldaketaren komenigarritasuna eta plana egitearen egokitasuna. Salbuetsita gelditzen dira eta, beraz, ez dute horrelakorik egin behar izango Babes eta Zaintza Plan Bereziek —Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 72. artikuluan aipatutakoek—.

12. artikulua.- Antolamendu xehatuko plangintza egitea

Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak IV. KAPITULUAN ezartzen du zeinen ekimena izan behar den antolamendu xehatuko planak egitea.

Lehenik eta behin, Plan Orokorra egitea Udalari dagokiola dio, baina 95 eta 97. artikuluetan zehazten du Plan Partziala eta Plan Berezia egitea hasiera batean Udalei dagokiela, baina edozein pertsona fisikok nahiz juridikok ere egin ditzakeela.

Eusko Jaurlaritzako edo Foru Administrazioko departamenturen baten alorreko eskumenetan oinarritzen diren Plan Bereziak, berriz, Eusko Jaurlaritzako edo Foru-Administrazioko organo eskudunak egin, izapidetu eta onartuko ditu.

Bai Birgaitze-Plan Berezien kasuan, bai monumentu-multzoak edo higiezin kalifikatuak Babesteko eta Zaintzeko Plan Berezien kasuan, hasierako onarpena jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak horiei buruzko txostena egin beharko du gehienez ere hilabeteko epean. Epe hori amaitutakoan, aurrera egin ahal izango da izapideekin. Interes kulturaleko higiezinak sailkatzerakoan hasierako ebazpenean edo behin betiko ebazpenean ezartzen den babes-araubideari dagokiona, Kultura Sailaren txostenetan, loteslea izango da.

13. artikulua.- Antolamendu xehatuko planen eremua eta edukia

Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak, 67, 68, 69, 70, 71, 72, 73 eta 74. artikuluetan, antolamendu xehatuko planen eremua eta edukia zehazten ditu.

Lege horren 75 eta 76. artikuluetan, berriz, hirigintza-antolamenduaren osagarri diren Udal Ordenantzak eta Katalogoak azaltzen dira.

Legea garatzeko gaur egun idazten ari den Plangintzaren Erregelamenduak zorrotzago zehaztuko ditu eduki horiek.