ERAIKUNTZAREN BOLUMEN-BALDINTZAK

46. artikulua.- Lerrokadurak:

Bizitegi-eraikin berrietarako, lerrokadurak zehaztuko dira areen Hirigintza-Fitxetan —jarduketa zuzenaren bidez eraiki behar diren eraikinetarako— eta antolamendu xehatuko plangintza-dokumentuetan.

Eraikinen bat ordezkatzerakoan, ez bada lerrokadura zehatzik ezarri, ordezkatu den eraikinarenak mantentzen direla ulertuko da.

47. artikulua.- Atzera-tarteak:

Bizitegi-eraikin berriak eraikitzerakoan, eraikuntzari lotutako partzela pribatuaren mugetatik hasita zenbateko atzera-tarteak errespetatu behar diren zehazteko, area eta sektoreen Hirigintza-Fitxetan eta antolamendu xehatuko plangintza-dokumentuetan ezarritakoari jarraituko zaio.

48. artikulua.- Eraikinaren sakonera:

Bizitegi-eraikin berrien sakonera, hiri-lurzoruko zuzeneko jarduketak badira, areetako Hirigintza-Fitxetan ezarriko da; baina sektoreetako edo honela zehazten den beste area batzuetako jarduketak badira, berriz, antolamendu xehatuko plangintza-dokumentuetan zehaztuko da.

Eraikinen bat ordezkatzerakoan, ez bada sakonera zehatzik ezarri eraikin berrirako, gehieneko sakonera ordezkatu den eraikinarena dela ulertuko da.

49. artikulua.- Eraikin berrien sestra-kota:

Eraikin berrietarako, erreferentziako sestra-kotak hiri-lurzoruko areen Hirigintza-Fitxetan zehazten direnak izango dira. Baina Hirigintza-Fitxen arabera garapenerako plangintza xehatua behar duten areetan, eta lurzoru urbanizagarriko sektoreetan, sestra-kotak antolamendu xehatuko plangintza-dokumentuetan zehaztuko dira.

Sestra-kota zehatzik ezarri ez bada, erreferentzia-kota moduan lehen dagoena mantentzen dela ulertuko da, hau da, eraikin berriaren aurrealdeko bide edo espazio publikoan dagoena; hala ere, dagozkion zuzenketak egin beharko zaizkio espaloia eraikitzeko (aurrez ez balego).

50. artikulua.- Partzelazioa:

Partzeletan ezingo da eraikinik jaso fatxadaren luzera zortzi metrotik beherakoa bada; hala ere, salbuespen gisa, Hirigune Historikoko eraikinetan egin ahal izango da, eta baita beste area batzuetan dauden eraikinak ordezkatzeko jarduketa isolatuetan ere, baldin eta area horiek gaur egun Hirigunekoaren antzeko partzelazioak badituzte; ordezkatze-kasu horietan, oraingo eraikina bota eta ondoriozko orubean eraiki ahal izango da, betiere Hirigintza-Fitxetan lerrokadurak finkatzeko berariaz ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

51. artikulua.- Eraikinaren altuera:

Eraikinen gehieneko altuera, unitate metrikoetan nahiz solairu-kopurutan neurtuta, area eta sektore guztietarako Hirigintza-Fitxetan ezarritakoa izango da.

Altuerako baldintzetan, gehieneko altuera besterik ez bada adierazten, hori agortu gabe eraiki ahal dela ulertuko da, ez bada Udalak kasu berezietan gehieneko altueraraino jasotzera derrigortzen duela, irudi urbano zehatz bat mantentzeko edo lortzeko beharrezkoa dela irizten diolako.

52. artikulua.- Pisuen altuerak eta altuera libreak:

Babes-mailaren bat duten eraikinak direlako Hirigintza-Fitxetan berariaz adierazitako kasuetan izan ezik, beste guztietan, pisuen altuerak eta dagozkien neurketa-irizpideak honakoak izango dira:

a)Sotoko eta erdisotoko solairua: Gutxieneko altuera librea: 2,50 metro. Eta edozein kasutan ere, sotoko eta erdisotoko sabaiko egiturako edo instalazioetako elementu irtenetako puntu baxuenak ere altuera libreko 2,20 metrotik gora egon beharko dira gutxienez.

b)Beheko solairua eta solairuarteak: Pisuaren gehieneko altuera, hau da, forjatuen goialdeen edo zola eta forjatuaren goialdeen artekoa, eraikinaren erdigunean, 3,80 metrokoa izango da, ez bada berariaz beste altuerarik ezartzen Hirigintza-Fitxetan edo antolamendu xehatuko plangintzan.

Guxienezko altuera librea 3,00 metrokoa izango da.

Baldin badira honelako gela osagarriak, hau da, biltegiak, trastelekuak edo jendearentzako saltokira zabaltzen ez diren komunak, gutxieneko altuera librea 2,30 metroraino jaitsi ahal izango da.

Lehendik dauden eraikinetako beheko solairuko lokaletan eta lokal berrietan, baldin eta antolamendu xehatuko plangintzak bertan Solairuarteak eraikitzea ahalbideratzen badu, honako baldintzak errespetatu beharko dira:

  • Solairuarteak lokalean har dezakeen gehieneko azalera izango da lokalak beheko solairuan duen azalera guztiaren %50a.
  • Ezingo dute sarbide independenterik izan eraikinaren elementu komun batetik, eta ezta erregistro-unitate independente bat eratu dezakeen beste inongo finkatatik ere.
  • Solairuartearen aurrealdea atzeraemanda joan beharko da, fatxada-lerroaren barrualdearekiko: gutxienez 2,50 metro.
  • Gutxieneko altuera librea, solairuartearen azpian dagoen lokal-zatian:2,50 metro.
  • Gutxieneko altuera librea, solairuarteko zoladura bukatuaren eta lokalaren sabai bukatuaren artean:2,30 metro. Egituran edo instalazioetan elementu zintzilikariak egonez gero, puntu bakanen batean altuera librea 2,20 metrora jaitsi ahal izango da. -Solairuartera joateko eskailerak gutxienez 1,00 metro zabal izan beharko dira eta, mailagaineko zabalerari nahiz mailarteko altuerari dagokienez, bizitegiko eraikinetako eskailera arruntek dituzten baldintzak beteko dituzte. Eskailerak lokalean lan egiten dutenek bakarrik erabitzen badituzte, hau da, publikoak ez baditu erabiltzen, gutxieneko zabalera 0,90 metrora jaitsi ahal izango da, eta tarte zuzenetan mailarteko gehieneko altuera 0,19 metrokoa izango da eta mailagaineko gutxieneko zabalera 0,25 metrokoa. Bihurguneko edo konpentsatutako tarteetan, berriz, mailarteko altuera berdina izango da baina mailagaina gutxienez 0,25 metro zabal izango da, ardatzean neurtuta, eta gutxienez 0,05 metro izan beharko du alde estuenean.

c)Goiko solairuak:Eraikin berrietan, Hirigintza-Fitxetan berariaz azaldutako kasuetan izan ezik, honako altuerak errespetatu beharko dira:

  • Pisuaren altuera:3,00 metro.
  • Gutxieneko altuera librea:2,50 metro. Honakoetan 2,30 metroraino jaitsi ahal izango da: komun, bainugela, pasillo, atondo, armairu-gela, trasteleku eta jendea luze egoteko ez diren beste leku batzuetan. Salbuespen gisa, murrizketa bera onartu ahal izango da gainontzeko geletako zati batean, instalazioak pasatzeko beharrezkoa bada.Horrelakoetan, altueraz murriztutako azalera ezingo da izan gelaren azalera osoaren herena baino handiagoa.

d)Teilatupeko solairua: Etxebizitza-erabilerarako teilatupeko solairuan, sabai eraikigarritzat 1,80 metrotik gorako altuera duena besterik ez da zenbatuko.

53. artikulua.- Gorputz irtenak:

Bizitegitarako eraikin berrietan gorputz irtenak eraiki ahal izango dira, irekiak nahiz itxiak, honako muga hauekin:

a)Gorputz irten itxiak: Ezingo dute hartu fatxada-luzeraren herena baino gehiago, salbu Hirigintza-Fitxetan berariaz besterik ezartzen den kasuetan. Horien gehieneko hegadak —orokorrean fatxada-planoko edozein puntutan neurtuta— ezingo du gainditu 1,00 metroa.

Kasu bakan batzuetan baimendu ahal izango da eraikinaren fatxada guztien hegalkin itxi guztiak fatxada batean pilatzea eta galeria bat eraikitzea. Horrelakoetan onartuko den gehieneko hegada 0,60 metrokoa da.

Hirigune Historikoko arean, idaztear dagoen Babes- eta Zaintza-Plan Bereziak ezarriko du hegalkien araudia. Edozein kasutan ere, hegalkin itxiak gutxienez 0,60 metro aldendu beharko dira mehelinaren ardatzetik edo —eraikin bakartuetan— eraikinaren ertzetik. Ez da onartuko inolako gorputz irten itxirik partzela- edo argi-patioen aldera ematen duten fatxadetan. Etxadi-patioen alderako fatxadetan, berriz, antolamendu xehatuko plangintzaren dokumentuak ezartzen duena errespetatuko da.

b)Gorputz irten irekiak: Gorputz irten irekiek ezingo dute hartu fatxada-luzeraren herena baino gehiago. Gorputz irten irekien gehieneko hegadak —orokorrean fatxada-planoko edozein puntutan neurtuta— ezingo du gainditu 1,00 metroa.Hirigune Historikoko arean, idaztear dagoen Babes- eta Zaintza-Plan Bereziak ezarriko du hegalkinen araudia.

Guztiz debekatuta daude gorputz irten irekiak partzela- edo argi-patioen aldera ematen duten fatxadetan. Etxadi-patioen alderako fatxadetan, berriz, antolamendu xehatuko plangintzaren dokumentuak ezartzen duena errespetatuko da.

54. artikulua.- Elementu irtenak:

Honako mota hauek daude:

a)Elementu irten iraunkorrak: Honako elementu irten iraunkorrak arautzen dira zehatz:

  • Teilatu-hegala: Eraikin-fatxada guztietan, hegalak fatxada-planotik gehienez ere 1,10 metro atera daitezke. Etxadiko patioen aldeko fatxadetan, hegala gehienez ere baimendu den gorputz irtena —ireki nahiz itxia— baino 0,20 metro handiagoa izan daiteke. Gorputz irtenik batere ez bada baimendu, hegalaren gehieneko hegada 5,00 metrokoa izango da. Partzela- edo argi-patioetan ez da onartzen inongo hegal irtenik. Hirigune Historikoko arean, idaztear dagoen Babes- eta Zaintza-Plan Bereziak ezarriko du hegalkinen araudia.
  • Markesinak: Espresuki debekatzen da markesinak jartzea, ez bada kasu bakarren batean eraikin publikoren batean sartzeko atea nabarmendu edo babestu nahi dela. Horrelakoetan, eraikitze- edo birgaitze-proiektutik jada egon beharko da aurreikusita, landuko den fatxadaren barneko elementu osagarria baita.
    Halaber baimendu ahal izango dira publikoak ez diren sustapenetan, baldin eta urbanizazio berriak badira eta betiere antolamendu xehatuko plangintzak horien erabilera arautzen badu.
    Kasu guztietan, gehien irteten den elementuak ez du gaindituko espaloiaren zabalera ken 0,60 metro, eta gehienez ere 1,50 metrokoa izan ahalko da opakua bada; azaleraren %80an zeharrargitsua bada, berriz, 2,50 metroraino iritsi ahal izango da gehienez ere. Eraikinean hegadan kokatu beharko da; eta puntu bat bera ere ezingo da egon 3,00 metro baino beherago, espaloiaren edo espazio librearen sestratik hasita gora.
  • Beste elementu irten iraunkor batzuk: Beste elementu irten iraunkor batzuk, hala nola, pilastrak, zokaloak, erlaitzak eta fatxadaren beste hainbat elementu osagarri, ezingo dira irten ez 0,10 metrotik aurrera beheko solairuetan, ezta 0,20 metrotik aurrera goiko solairuetan ere. Inoiz ere ez da onartuko bitrina edo erakusleihorik jartzea fatxada-planoaren kanpoaldetik. Hirigune Historikoko eremuan, karkabetara (etxartetara) eta etxadi-patioetara ematen duten fatxadetan, horrelako elementu irtenak ezingo dira atera 0,05 metro baino gehiago, eta gauza bera partzela-patio guztietan ere.

b)Elementu irten ez-iraunkorrak: Olanak eta errotuluak jartzeko araudia ezarri da. Beste elementu batzuk arautzeko, horiekin duten antzekotasunaz jokatuko da.

  • Olana finko eta tolesgarriak: Olana finko eta tolesgarriak jarri ahalko dira eraikinen beheko solairuetan baldin eta gehien irteten den elemetuak ez badu inongo puntutan gainditzen espaloiaren zabalera ken 0,60 metro, eta gehienez ere 3,00 metro baino gehiago ez badu. Halaber, gutxienez 2,70 metroko altuera librea utzi beharko dute espaloiko edo espazio libreko sestratik hasita gora. Altuera horietatik behera, eta fatxada-lerrotik hasita gehienez ere 0,20 metro irtenda, olanen euskarriak eta zabaltzeko nahiz tolesteko beharrezko elementuak baino ezingo dira jarri.
  • Errotuluak eta iragarkiak: Errotuluak edo iragarkiak, kasu guztietan, fatxada-planoan paralelo jarriko dira, eta gehieneko irtenguneak ez du izango, beheko solairuetan jartzen direnean, 0,10 metro baino gehiago. Halaber, 3,00 metrotik gorako altueran jarriko dira, espaloiko edo espazio libreko sestratik hasita. Goiko solairuetan, kasu guztietan, fatxada-baoen barruan baino ezingo dira jarri eta bao bakoitzak berea eraman beharko du aparte. Ez da inoiz onartuko, ez beheko ez goiko solairuetan, banderola gisa fatxada-planoan perpendikular doan errotulurik.
    Hirigune Historikoko eraikinetako beheko solairuetan, eta baita babestutako Ondasun Higiezinen Katalogoan edozein kategoriatan sartuta dauden eraikinetako beheko solairuetan ere, baldin eta beheko solairuak mantentzeko moduko elementutzat hartuta badaude, horietan guztietan errotulu eta iragarkiak jarriz gero, fatxadetako bao itsuetan jarri beharko dira, letra solteak bertan zuzenean gainjarriz edo, bestela, polikarbonatozko edo antzeko plaka gardenetan iragarkiak errotulatu eta fatxadara erantsiz. Horrelakorik ezean, fatxadetako baoen barruan, itxiturako arotzerian txertatuta jarri beharko dira.
    Eraikin horien goiko solairuetan, kasu guztietan, fatxadetako baoen barnean sartu beharko dira.

55. artikulua.- Estalkiak:

Bizitegi-eraikinen estalkiek zehaztutako gehieneko maldak errespetatu beharko dituzte, eta inolaz ere ezingo dute gainditu %35ekoa.

Estalkiaren lerro inguratzailea, fatxada bakoitzean, azken solairuko forjatua luzatuz —eta 54. artikuluan finkatu den gehieneko irtengunearekin— sortzen den hegal horizontalaren goialdeko eta kanpoaldeko ertzetik hasiko da.

Lerro inguratzaile honen gainetik honakoak irten ahal izango dira: instalazioen elementu teknikoen kasetoiak, hala nola, igogailuen kasetak, eskailera-kaxaren erremateak, etab., eta baita ere tximiniak, aireztapeneko hodiak, argi-zuloak, irrati-telebistako antenak, tximistorratzak, eta horien pareko beste batzuk.

Gorputz horien neurriak instalazioak egoki ibiltzeko behar besteko txikienak izango dira.

Hirigune Historikoko eremuan dauden eraikin guztietan eta balio historiko-artistikoa izateagatik Ondasun Higiezinen Katalogoan sartutako eraikin guztietan, birgaitze- edo berreraikitze-jarduketak egiten badira eta bertan igogailuak edo karga-jasogailuak instalatzea aurreikusten bada, horiek hidraulikoak izan beharko dira edo, bestela, estalkiko isurkietatik gora irtengo liratekeen kasetoiak eraiki beharrik ez duen beste sistema batekoak.

Estalkiak konpondu eta mantentzeko, estalki guztietara zuzenean eraikinaren gune komunetatik irten ahal izango da, eta sarbide hori eskailera-gune orokorrean bertan egongo da edo, bestela, gertuan eta horrekin lotuta dagoen guneren batean.

Garapeneko plangintzak aukera ematen badu, etxadi eraikigarrietako ertza edo errematea eratzeagatik, kokapen horregatik, berezitzat jo daitezkeen eraikinetan, estalkiaren profilaren gainetik dorretxoak eraiki ahal izango dira honako araudiari jarraituz:

-Solairu bakarra izango dute, 3,00 metroko altuerakoa, goiko forjatua barne.

-Kasu guztietan, dorretxoaren oinplanoa honelako paralelogramo baten barruan sartu ahal izango da: paralelogramoaren 5 metroko bi alde eraikinaren ertza eratzen duten elkarren ondoko fatxada bien lerrokaduren gainetik joango dira, 5 metro luze, bi lerrokadura horiek elkartzen diren erpinetik hasita.

-Dorretxoaren solairu-gainean estalkia besterik ez da jarriko. Estalkia era berezian egingo da; horretan ez da errespetatu beharrik izango isurkietarako ezarri diren gehieneko maldak.

-Dorretxoaren ondorioz sortuko den gunea etxebizitza-erabilerarako izango da; eta kasu guztietan azpiko solairuko etxebizitzari zuzenean lotuta egon beharko da, eta ez eraikineko komunitatearen eskaileraren bitartez. Sortutako gunea Jabetza-Erregistroan inskribatu beharko da, lotu den etxebizitzaren elementu erantsi eta banaezin gisa. Dorretxoaren estalkipean sortutako gunea ezingo da inongo erabileratarako egokitu, ezta trastelekua izateko ere.

56. artikulua.- Patioak:

Bizitegiko guneetan, honako patio-motak onartu ahal izango dira:

a)Etxadiko patioak:

Gaur egun, Hirigune Historikoko arean eta A-20, A-20a eta A-21 areetan baino ez daude.

Hirigune Historikoan egin daitezkeen jarduketak, eta baita etxadi-patioekin parekagarri diren karkabetakoak ere, area garatzeko tramitatu behar den Babes- eta Zaintza-Plan Bereziak arautuko ditu.

A-20, A-20a eta A-21 areetan, etxadi-patioak lorategiak edo espazio libreak dira, eta sarbide zuzenak dituzte inguruko bide eta pasealekuetatik.

Bizitegiko area berriak garatzerakoan, antolamendu xehatuko plangintzaren bitartez etxadi-patioak ere antolatu ahal izango dira. Plangintza horretan zehaztu beharko da zein erabilera izango duten eta nolako tratamendua izan behar duten etxadi-patio horiek.

Etxadi-patio batzuek dituzten neurriengatik, bertan lorategirik edo espazio librerik egokitzerik ez bada, orduan, lehen pisuaren zolako altueraraino estali ahal izango dira eta lehen solairuetako etxebizitzetarako terraza-erabilera izango dute.

Horrelakoetan, jabetza bakoitza bereizteko, hormatxoak eraiki ahal izango dira, gehienez ere 0,50 metroko altuerakoak; eta hormatxoen gainean, burdin-hesiak jarri ahal izango dira, itxituraren altuera osoa 2,00 metro izan arte.

Terrazetarako sarbidea bakoitzari dagokion etxebizitzatik zuzenean izango da.

Patioen azpian kokatzen diren beheko solairuak argiztatzeko, etxabeetako sabaietan argi-zuloak eta sabai-leihoak eraiki ahal izango dira, baina ezingo dira atera 1,00 metrotik gora lokalen goialde bukatutik neurtuta.

b)Partzela-, argi- edo aireztapen-patioa:

Barnekoak edo —fatxada-alderen batera zabalik badaude— irekiak izan daitezke.

Patioen gutxieneko neurriak zehazteko, bertan zirkulu bat inskribatu ahal izan beharko da, eta zirkulu horren diametroa aldatu egingo da, batetik, patio horren bitartez argitzen eta aireztatzen diren lokalen erabileraren arabera eta, bestetik, lokal horien zolatik patioko koroa arte dagoen altueraren (H) arabera:

  • Logelak eta sukaldeak: Gutxieneko diametroa = 0,30 x H, baina 3,00 metro gutxienez.
  • Komunak eta esekilekuak: Gutxieneko diametroa = 0,15 x H, baina 2,00 metro gutxienez.
  • Eskailerak: Gutxieneko diametroa = 0,15 x H, baina 2,00 metro gutxienez.

Etxebizitza bateko jangela-egongela ezingo da argiztatu eta aireztatu bakarrik partzela-patio baten bidez.

Eraikin berrietan ez da onartzen sei solairutik gorako barneko altuera duen partzela- edo argi-patiorik.

Alderen bat fatxadara irekita duten argi-patioek errespetatu egin beharko dituzte lehen aipatu diren gutxieneko distantziak patioa mugatzen duten itxituren artean; alabaina, ez dute aplikatu beharrik izango gutxieneko azaleren taula.

Patioko zoladura ezingo da kokatu argitzen edo aireztatzen duen gelako zola-mailatik gora.

Guzti-guztiak iragazgaiztuta (urik ez sartzeko moduan) egongo dira, eta hustubidea izango dute, sifoi erregistragarri eta guzti.

Patio guztietara sartu ahal izango da zuzenean eraikinaren barrutik.

Patioak koroatzeko edo burutzeko, sabai-leiho bateaz estal daitezke baldin eta horren inguruan tarte bat libre uzten bada, inolako itxitura-motarik gabe, patioa ixteko hormak eta estaltzeko elementuaren azpialdearen artean; tarte horren aireztapen-azalera patioaren oinplano-azaleraren %10ekoa edo hortik gorakoa izan beharko da.

c)Patio mankomunatuak:

Partzela- edo argi-patioentzat finkatu diren gutxieneko neurriak eta gainontzeko baldintzak errespetatu beharko dituzte.

Horretaz gain, eta kasu guztietarako, 42. artikuluko i puntuan ezarritakoa ere bete beharko dute, bi eraikinetako finken artean elkarrekin dituzten zortasunak egiaztatzeari buruzkoa.

Aurrerago patio erkidea izango den batean, zati baten mehelina agerian dagoen bitartean, kanpo aldetik ez ikusteko ezkutatu egin beharko da arotzeria-, beira- edo zelosia-elementuekin; elementu horiek, alabaina, beti bermatu beharko dute patioak behar besteko aireztapena duela.