ERABILERA-BALDINTZAK

43. artikulua.- Erabilera nagusia

Bizitegi-guneen erabilera nagusia etxebizitzakoa da. Gune horietan beste erabileretarako eraikuntzak ere onartzen dira, Area eta Sektore bakoitzeko Hirigintza-Fitxetan zehazten den moduan.

Etxebizitza-erabilerako eraikinen barruan ere onartuko dira horrekin bateragarri diren beste erabilera batzuk, beti Plan Orokor honek, Hirigintza-Fitxek eta Ordenantzek ezartzen dituzten mugen barruan.

44. artikulua.- Bizitegi-erabileretarako eraikinak:

Eraikin hauetan erabilera nagusia etxebizitzakoa da. Eraikin hauetako solairukako erabilera orokorrak honakoak izango dira —betiere area eta sektore bakoitzerako Hirigintza-Fitxetan berariaz ezarritako mugen menpe—:

a) Sotoko solairua: Honako hauek izateko erabili ahal izango da: ibilgailuen garajea eta horren instalazio osagarriak; etxebizitzei erantsitako trastelekuak; beheko solairuko lokalei erantsitako guneak —baldin eta zuzenean komunikatuta badaude, jarduteko unitate bakarra eratzen badute eta lokalean garatzen den jardueran erabiltzen diren salgaiak edo tresnak gordetzeko edo biltegiratzeko bada—; eta inoiz ere ezingo da izan jendearentzako saltokia, edo ezta pertsonak bertan luze egotea dakarten beste erabilera batzuetarako, hala nola, ekitaldi-aretoak, erakusketa-tokiak, jaialdi-aretoak, ezta beste batzuk ere; eraikinaren instalazio teknikoetarako ere izan daiteke.

Aipatutako erabilera guztiak eta beste pareko batzuk baimendu ahal izango dira baldin eta Hirigintza-Fitxek bizitegi-eraikinetarako ezartzen dituzten gutxieneko garaje-plazen estandarrak bete badira.

b)Erdisotoko solairua: Hemen onartuko eta debekatuko diren erabilerak sotoko solairurako finkatu diren berberak dira.

c)Beheko solairua: Irizpide orokor gisa, hemen sar daitezke Plan Orokor honen 15. artikuluko J-2 puntuan aipatutako hirugarren sektoreko erabilerak. Halaber sartzen dira, dagokion Hirigintza-Fitxak onartzen duen kasuetan, artikulu bereko G puntuan aipatutako bizitegi-erabilerak, 1. eta 2. kategoriako industria-erabilerak, F puntuan azaltzen diren dotazioetako eta komunitate-ekipamenduko erabilerak, eta garaje-erabilera.

Hirugarren sektoreko, baimendutako industrietako eta dotazio zein ekipamenduko erabileretarako lokaletan, jendearentzako arreta-gunea bereizi beharko da. Gune horretan honako gela guztiak sartzen dira: merkataritzako hartu-emana gertatzen den tokia, jendeak produktuak hartzeko edo gestioak egiteko tokia, hala nola, mostradoreak, bitrinak, etab., edo langileak zein jendea egoteko edo pasatzeko tokia.

Lokal batzuetan, garatzen den jardueragatik atea derrigorrez kanpoaldera zabaldu behar bada, fatxada-lerrotik barrurantz eraman beharko da, irekitzerakoan bide publikoa oztopatu edo har ez dezan.

Orokorrean onargarritzat hartutako erabilera horiek guztiak area eta sektore bakoitzaren Hirigintza-Fitxan zehaztu dira.

d)Goiko solairuak: Etxebizitza-erabilerarako dira. Area eta sektoreetako Hirigintza-Fitxetan, kasu zehatz batzuetan, aukera ematen da lehenengo solairuan hirugarren sektoreko, dotazioko zein komunitate-ekipamenduko erabilera batzuk garatzeko.

Etxebizitza baten erabilera ez da aldatuko horren titularrak edo bertan bizi denak bulego edo estudio profesionala jartzeagatik, etxebizitza—erabilerarekin partekatuta.

e)Teilatupea: Bertan jar daitezke eraikineko instalazioen elementu teknikoak, hala nola, igogailu-makinen gelak, galdara-gelak edo hozteko dorreak eta instalazioen kontagailuen gelak.

Gelditzen diren gainontzeko guneetan, trastelekuak egokitu ahal izango dira. Horrelakoetan, trastelekuak eraikin bereko etxebizitzei erantsitakoak eta erregistroan banaezinak izan beharko dira, eta bakar-bakarrik erabili ahal izango dira etxebizitzetan bizi direnen tresnak gorde edo biltegiratzeko.

Eraikinen teilatupeetan etxebizitza-erabilera ere baimenduko da, baldin eta azpian duen solairuko etxebizitzarekin edo etxebizitzekin fisikoki lotuta badago eta Jabetza-Erregistroan inskribatuta badago etxebizitzaren elementu erantsi eta banaezin gisa.

Ez dira legeztatuko teilatupean elementu independiente gisa dauden etxebizitzak baldin eta Plan Orokor honen bitartez berrizten diren Planeamenduko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu ziren datatik aurrera hiri-lurraren kontribuzioan alta eman eta Jabetza-Erregistroan inskribatu badira.

Edozein kasutan ere, lehendik dauden etxebizitzak legalizatu ahal izateko, Plan Orokor honetan jasotzen diren gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte.

Halaber etxebizitza gisa legalizatu ahal izango dira gaur egun trasteleku- edo ganbara-erabilera duten teilatupeak, baldin eta Planeamenduko Arau Subsidiarioen onarpenaren aurrekoak badira (1996ko apirilaren 16a) eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Sarbide egokia izatea, eskailera bidez. Eskaileraren pasaguneak gutxienez 90 cm-ko zabalera librea izan beharko du, eta eskailera-mailen neurriak Ordenantza hauen 66. artikuluko b) puntuan zehaztutakoak izango dira.
  • Estalkirako sarbide zuzena eta egokia ahalbideratzea komunitateko goreneko eskailera-burutik.
  • Teilatupeak ezaugarri egokiak izan beharko ditu, Ordenantza hauetako Bizigarritasun-Baldintzak (57-62 artikuluak) bete eta bizitokia egoki atontzeko modukoak.

Teilatupeak legeztatzeko, ezinbestekoa izango da udal zerbitzu teknikoek adierazitako baldintzak betetzen diren aztertzea eta aldeko txostena egitea.

45. artikulua.-.Bizitegikoak ez diren erabileretarako eraikinak

Bizitegiko erabilera orokorra duten area eta sektoreetan, beste erabilera batzuetarako eraikinak baimendu ahal izango dira, area eta sektore bakoitzaren Hirigintza-Fitxan adierazitako mugekin.