V.4 KAPITULUA.- LURZORU URBANIZAEZINEAN ERAIKITZERAKOAN APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA

130. artikulua.- Lurzoru urbanizaezinean onar daitezkeen eraikuntzak

104, 106, 108, 110 eta 113. artikuluetan ezarri dira lurzoru urbanizaezineko kategoria bakoitzean aplikatu beharreko araudiak, eta onar daitezkeen eraikuntzak.

Hona hemen horien laburpena, lurzoruaren kategoriaka:

a)Babes Berezia:

  • Erabilera Publikoko eta Interes Sozialeko eraikinak.

b)Ingurumen-hobekuntza:

  • Erabilera Publikoko eta Interes Sozialeko eraikinak, eta garatzen ari diren zabortegi baimenduen jarduerari atxikita dauden beharrezko eraikinak.

c)Basogintza:

  • Bordak, eta horien instalazio osagarriak, hala nola, askak, kortak, etab.
  • Nekazaritza-industriak, nekazaritza-arloko eskudun erakundeek ezarritako mugapenen eta emandako baimenen arabera.
  • Erabilera Publikoko eta Interes Sozialeko eraikinak.

d)Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabala:

  • Berotegiak.
  • Nekazaritza-industriak, nekazaritza-arloko eskudun erakundeek ezarritako mugapenen eta emandako baimenen arabera.
  • Jarduerari atxikitako bizitegi-erabilera duten nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenak (baserriak); hauek, ere, nekazaritza-arloko eskudun erakundeek eman beharreko baimenekin.
  • Nekazalturismoak, nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiapenaren jarduera osagarri gisa.
  • Erabilera Publikoko eta Interes Sozialeko eraikinak.

e)Mendi-larreak:

  • Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak ez du mugarritu Bergaran kategoria honetako gunerik.

f)Lur Gaineko Urak:

  • Jarduteko irizpide batzuk ezarri dira ibilguen eta ur-bazterren okupazioa ekiditeko.

Ondoren ezartzen dira onargarritzat jotako eraikinok bete behar dituzten baldintzak.

131. artikulua: Erabilera Publikoko eta Interes Sozialeko eraikinak altxatzea

Udalerrian ez da aurreikusten horrelakorik eraikitzea hurrengo zortzi urteetan behintzat.

132. artikulua.- Borda berriak eta horien instalazio osagarriak eraikitzea

Lehendik dauden bordak nahiz eraiki daitezkeen berriak animaliak aldi baterako gorde eta babesteko baino ez dira erabiliko.

Uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuak arautzen duen abeltzaintza-ustiapen izaera ez dute izango, baina dekretuan aipatutako baldintzetakoren batzuk bete beharko dituzte.

Borda berri bat eraikitzeko, aurrez, beharrezkoa dela justifikatu beharko da eta nekazaritza- zein abeltzaintza-arloetako eskudun erakundeek onartu behako dute.

Eraikitzerakoan, honako baldintzak bete beharko ditu:

  • Partzelaren gutxieneko azalera: Abeltzaintza-ustiapena justifikatu ahal izateko modukoa izango da, eta kasu guztietan, gutxienez, 2.500 metro koadrokoa.
  • Eraikinak gehienez bete dezakeen oinplano-okupazioa:  50 metro koadro.
  • Mugekiko eta beste eraikinekiko tarteak: Eraikuntza eta instalazio osagarri berriak, gutxienez, 10,00 metroko tartez aldenduko dira muga guztietatik, baita landa-bide edo baso-pisten eta partzelaren arteko mugetatik ere. Halaber, etxebizitzatarako edozein eraikinetik 300,00 metroko tartea errespetatu beharko du.
  • Gehieneko altuera eta solairu-kopurua: Borda berrietan, teilatu-hegal horizontalaren azpitik gehieneko altuera 2,20 metrokoa izango da, eta altuera gehieneko puntua 3,20 metroraino iritsi ahal izango da eraikinaren bueltan neurtuta. Solairuen gehieneko kopurua, berriz, bakarra izango da kasu guztietarako: beheko solairua.
  • Estalkiak: Eraikinaren estalkia, kasu guztietan, bi isurikoa izango da, eta gailurra fatxada luzeenarekiko paralelo joango da. Isurkien malda gehienez ere %35ekoa izango da, eta teilatu-hegalaren gehieneko hegada —eraikinaren edozein fatxadatatik hartuta— ez da izango 0,50 metro baino gehiagokoa.
  • Instalazio osagarriak, askak, iturriak, kortak, etab.: Betiere beharrezkoak direla justifikatu bada, gero, eraikitzerakoan, neurriei, formei eta materialei dagokienez, Bergarako landa-ingurunean ohiko ezaugarriak direnak errespetatu beharko dira.
  •  Urak araztea: Borda guztiek simaurtegiak eta minda-putzuak izan beharko dituzte, eta horiek uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuaren I. Eranskinaren 3. Kapituluko 5. puntuan ezarritakoa bete beharko dute.
  •  Materialak: Borda berriak eraikitzerakoan, nahiz lehendik daudenak birgaitzerakoan, honakoak bete beharko dira: 136. artikuluaren l) puntua, eraikin berriaren estalkiko eta fatxadako materialei dagokienez; eta artikulu beraren q) puntua, partzela-itxiturei dagokienez.

133. artikulua.- Berotegiak

Ustiapenak hobetzeko, berotegiak instalatu ahal izango dira honako baldintzekin:

  • Partzela: Berotegia kokatuko den partzela lehendik dagoen nekazaritza-ustiapen edo baserri bati lotuta egon behar da.
  • Tarteak: Partzelako puntu guztietan, gutxienez 5,00 metroko tartea errespetatu beharko da berotegiaren kanpoaldeko ertzetatik partzela-mugetaraino. Edozein eraikinekiko gutxieneko tartea —nahiz eta eraikin hori berotegietako ustiapenaren titularraren baserria izan— 10,00 metrokoa izan beharko da.

134. artikulua.- Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Industriak

Honela definitzen dira: abeltzaintzan, etengabeko estabulazioko hazkuntza intentsiboko ustiapenetarako diren eraikinak; edo baita ustiapen bati zuzenean lotu gabeko lehen transformazioko elikagaien industriak ere.

Abeltzaintzako industriak eta ustiapenak arautzeko, uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuaren I. Eranskinean ezarritakoari jarraituko zaio.

Ustiapen berriak eraikitzerakoan, honakoak dira bete beharreko baldintzak:

  • Partzelaren gutxieneko azalera eta kokapena: Nekazaritzako eta Abeltzaintzako industriari lotutako partzelaren gutxieneko azalera 2.000 metro koadrokoa izan beharko da. Partzelak aurre eman beharko dio bertan dauden landa-bidetako edo pistetakoren bati gutxienez 40,00 metroko luzeran; hortik salbuetsita daude nekazaritza-ustiapenei erantsitako abeletxeak.
  • Eraikinak gehienez bete dezakeen oinplano-okupazioa: 600 metro koadro. Salbuespenezko kasuetan, behar bezala justifikatuz gero —Gorla inguruan dauden abeltzaintza-ustiapen batzuetan gertatzen den bezala—, okupazio-azalera handiagoak onartu ahal izango dira baldin eta dagozkion baimenak Foru Aldundiko Nekazaritza-Departamentuak emanak baditu.
  • Mugekiko eta beste eraikinekiko tarteak: Eraikuntza eta instalazio osagarri berriak, gutxienez, 10,00 metroko tartez aldenduko dira muga guztietatik, baita landa-bide edo baso-pisten eta partzelaren arteko mugetatik ere. Herriguneekiko, lurraldeko beste elementuekiko eta ustiapenen arteko tarteei buruz, aipatutako Eranskinaren 2. Kapituluan ezarritakoa bete beharko da.
  • Gehieneko altuera eta solairu-kopurua: Gehieneko altuera, teilatu-hegal horizontalaren azpian, 6,00 metrokoa izango da eraikinaren perimetroan altuera gehien duen puntuan neurtuta.
  • Estalkiak: Eraikinaren estalkia, kasu guztietan, bi isurikoa izango da, eta gailurra fatxada luzeenarekiko paralelo joango da. Isurkien malda gehienez ere %35ekoa izango da, eta teilatu-hegalaren gehieneko hegaldura —eraikinaren edozein fatxadatatik hartuta— ezingo da izan 0,60 metro baino gehiagokoa.
  • Etxebizitzatarako aukerak: Artikulu honetan azaltzen den moduko nekazaritza-industria bat eraikitzeak, hau da, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapen bati zuzenean lotu gabe eraikitzeak, ez du justifikatzen berari atxikitako etxebizitza bat eraiki ahal izaterik.
  • Ur-hartzea: Nekazaritza-industria horretan erabili beharreko ura udal-saretik aparte hartu beharko da Udalak egoki iritziz gero, bai ustiapena sare gertukoenetik urrun dagoelako, bai izan dezakeen kontsumoa oso handia delako.
  • Arau higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak: Ustiapen berri guztiek bete beharko dute behin eta berriz aipatzen ari garen Eranskinak 3. Kapituluko puntuei buruz ezarritakoa: eraikuntzak eta ekipamenduak, siloak eta beste eraikin osagarriak, abereen osasunerako eta ongizaterako baldintzak, hildako abereak eliminatzea, simaurtegiak eta mindak biltzeko putzuak, horiek ongarri modura erabiltzea eta kudeatzeko modu gehiago, etab.
  •  Erantsitako instalazioak eta eraikinak: Nekazaritza-industrien eranskin gisa, jarduera garatzeko beharrezko izan daitezkeen depositu, silo eta beste elementu batzuk eraiki ahal izango dira. Eraikinak izatekotan, baimendutako materialei buruz aurrez esandakoa errespetatu beharko da.
  • Neurri zuzentzaileak: Martxoaren 9ko 165/1999 Dekretuak (Jarduera salbuetsien zerrenda ezartzen duenak) II. Eranskinean zehaztutako parametroak gainditzen dituzten nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenek, euren jarduera legeztatzeko, IGOKA espedientea izapidetu beharko dute. Dekretu horren parametroak gainditzen ez dituzten ustiapenek, berriz, bertako IV. Eranskinean ezarritakoa beteko dute.
  •  Materialak eta partzela-itxiturak: Nekazaritza-industria berriak eraikitzerakoan, honakoak bete beharko dira: 136. artikuluaren l) puntua, eraikin berriaren estalki eta fatxadako materialei dagokienez; eta artikulu beraren q) puntua, partzela-itxiturei dagokienez.

135. artikulua.- Jarduerari etxebizitza-erabilera atxikita duten nekazaritza-ustiapenak (baserriak):

Ustiapena honako jarduerak garatzeko lursailen eta eraikinen multzoak osatzen du: edozein landare-espezie motak lantzeko eta ekoizteko nekazaritza-jarduerak, nahiz abeltzaintzako eta abereak ekoizteko jarduerak.

Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Ustiapenen barruan ez dira sartzen basogintzako hutsekoak direnak. Hala ere, gerta daiteke baso-ustiapena ustiapen nagusiaren berezko beste jardueren osagarri gisa garatzea.

Bergarako udalerrian, nekazaritzako ustiapenak eta BASERRIAK parekagarriak dira.

Egin daitezkeen jarduketen barruan, honakoak bereiz daitezke: ustiapen berriak eraikitzeko jarduketak, eta lehendik dauden ustiapenak berritu, birgaitu edo handitzeko jarduketak.

136. artikulua.- Nekazaritza-ustiapen berriak eraikitzea:

Ustiapen berriak eraikitzerakoan, honako baldintzak bete beharko dira:

a)Gutxieneko azalera: Nekazaritza-ustiapen berri bat eraikitzeko beharrezko lursail-azalera izango da eskudun erakundeen aurrean jarduera justifikatzeko beharko den adinakoa. Edozein kasutan ere, gutxienez hiru hektareako (3 Ha.-ko) azalera izan beharko du.

Azalera guztiak ez du dena partzela bakar batean egon beharrik, baina, kasu guztietan, ustiapeneko eraikin nagusia(k) gutxienez 5.000 metro koadroko azalera duen partzela baten gainean altxatuko d(ir)a.

Partzela nagusi horrek bertan dauden baso-pistetako edo landa-bideetakoren bati aurre eman beharko dio gutxienez 50,00 metroko luzeran.

b)Etxebizitza-kopurua, gehienez: Ustiapen bakoitzeko, gehienez ere bi etxebizitza egon daitezke. Eraikitakoan, Jabetza- Erregistroan ustiapenari atxikitako eta hortik banaezineko elementu gisa inskribatu beharko dira.

Etxebizitza biak familia biko eraikin berean egokituz gero, etxebizitza bakoitzak bere aparteko sarbidea izan beharko du kanpoaldetik, nork bere eskailerarekin.

c) Gehieneko oinplano-okupazioa: Eraikin berriek gehienez bete ahal izango duten oinplano-okupazioa 300 metro koadrokoa izango da, horren barne ustiapeneko instalazio osagarrien azalera sartuta.

d) Mugekiko tarteak: Eraikuntza eta instalazio osagarri berriak, gutxienez, 10,00 metroko tartez aldenduko dira muga guztietatik, baita landa-bide edo baso-pisten eta partzelaren arteko mugetatik ere.

e)Gehieneko altuera eta solairu-kopurua:
Eraikin berrien gehieneko altuera, teilatu-hegal horizontalaren azpian, 7,00 metrokoa izango da, lursailarekin duen elkargune bakoitzean neurtuta.

Solairuen gehieneko kopurua honakoa da: beheko solairua —edo erdisotoko solairua, lursailaren topografiaren arabera—, goiko solairua eta teilatupeko gunea.

Ez da onartuko soto-solairurik eraikitzea.

f)Eraikinen bolumena eta kokapena lursailean: Proiektatuko diren eraikinen bolumenak trinkoak izango dira, eta Bergarako landa-inguruan lehendik dauden eraikinen tankerari jarraituz kokatu eta egokitu beharko dira lurrean.

Eraikin berrietan portxeak eraikitzekotan, fatxada nagusian baino ez dira planteatuko, eta betiere lehendik dauden eraikin tradizionalen eredua gogorarazten duten proposamenekin.

Lursail maldatsuetan, behar-beharrezko hondeaketak baino ez dira onartuko; ez da onartuko eraikina kokatzeko plataforma horizontalik sortzeko hondeaketarik.

Eraikina egokitu beharko da lursailaren topografiara.

g)Gorputz irtenak: Eraikin guztien fatxadak lauak izango dira. Ez da onartuko inongo fatxadetan gorputz irten itxirik eraikitzea.

Gorputz irten irekiak, berriz, onartu ahal izango dira, gehienez ere 0,90 metroko hegaldura badute, eraikinaren fatxada nagusian.

h)Estalkiak: Ustiapen berriko eraikin nagusiak estalki bakar bat izango du, bi, hiru edo lau isurikoa; ez dira onartuko estalki lauak, ezta aipatutakoez aparteko bestelako konposiziorik ere.

Isurkien malda gehienez ere %40koa izango da, eta teilatupeko gunean gehieneko altuera librea 3,60 metrotik gora inon ere ez izateko moduan egokitu beharko dira isurkiok.

Teilatu-hegalaren gehieneko hegaldura —eraikinaren edozein fatxadatatik hartuta— ezingo da izan 1,10 metro baino gehiagokoa.

Estalkiko isurkien gainetik onartuko diren elementu bakarrak tximiniak edo instalazio-elementuak izango dira, hala nola, antenak, tximistorratzak, etab.

i)Pisuen altuerak eta altuera libreak: Honako pisu-altuerak eta altuera libreak errespetatuko dira:

Beheko solairua edo erdisotoko solairua:

 

Pisu-altuera, gehienez

3,50 m.

Altuera librea, gutxienez

2,50 m.

Solairu horietako sabaian, egiturako edo instalazioetako elementu irtenetako puntu baxuenak inolaz ere ezingo du gutxitu haien altuera librea 2,30 metrotik behera.

Goiko solairua (etxebizitza-erabilera):

 

Pisu-altuera, gehienez

3,00 m.

Altuera librea, gutxienez

2,50 m.

Altuera hori 2,30 metroraino jaitsi ahal izango da honakoetan: komun, bainugela, pasillo, atondo, armairu-gela, trasteleku, eta jendea luze egoteko ez diren beste leku batzuetan.

Salbuespen gisa, murrizketa bera onartu ahal izango da gainontzeko geletako zati batean, instalazio batzuk pasatzeko beharrezkoa bada.

Horrelakoetan, altueraz murriztutako gunearen azalera ezingo da izan gelaren azalera osoaren herena baino handiagoa.

j)Bizigarritasun-baldintzak: Ustiapenean aurreikusten d(ir)en etxebizitz(et)arako, Ordenantza hauetako BIZIGARRITASUN-BALDINTZAK atalean (57tik 63ra arteko artikuluetan) ezarritakoa aplikatu beharko da.

k)Eskailerak: Beheko solairua —edo erdisotoko solairua, eraikinaren sarrera nagusia sestra-kota horretan kokatzen bada— eta etxebizitzako solairu nagusia elkarrekin lotzeko aurreikusitako eskailerek honako baldintzak bete beharko dituzte:

 

Eskailera-atalen gutxieneko zabalera

1,00 m.

Mailagaineko zabalera, gutxienez

27,00 cm.

Mailarteko altuera, gehienez

18,00 cm.

Eskailera-mailen gehieneko kopurua, tarteko

16

Bihurguneko tarteetan, mailagainaren neurria martxaren norabidean hartuko da, eta barandatik edo kareletik 40,00 zentimetrora hartuta.

l)Estetika- eta Eraketa-Baldintzak:

Fatxaden eraketa:

Eraikin berrien fatxaden eraketak Bergarako landa-inguruko eraikinena errespetatu beharko du.

Eraikitzeko lizentzia-eskaera bati ezezkoa eman ahal izango zaio estetika-arloko arrazoiengatik, baldin eta proiektatutako fatxadak ageri-agerian ezegokiak badira kokatu behar diren tokirako.

Eraikinetan erabili beharreko materialak:

Eraikin berrietan, Bergarako landa-inguruan tradizionalki erabiltzen diren materialak erabili beharko dira.

  • Fatxadak: Harria erabili beharko da, edo adreiluz zein blokez egindako itxitura, luzitze- eta margotze-lanez bukatua. Ez da onartuko bistako adreilurik, ezta zeramikazko, beirazko edo marmolezko xaflak jartzerik. Fatxadako elementu batzuetan harri antza duten hormigoi-blokeak erabili ahal izango dira, baldin eta fatxada taxutzerakoan landa-inguruko tankera tradizionala errespetatzen bada.
  • Estalkia: Estalkia bukatzeko, berezko kolore naturaleko teila zeramikoa erabiliko da edo, bestela, zeramikaren antzeko kolorea eta egitura dituen hormigoizko teila. Debekatuta gelditzen da honakoak erabiltzea: fibrozementuzko plakak, asfaltozko gaiak, arbela, txafla metalikoak eta antzekoak.
  • Kanpoko arotzeria: Kanpoko arotzeria egurrezkoa izango da, naturala nahiz margotua (kolore ilunetan hobe). Halaber, PVC edo poliuretanozko arotzeriak eta arotzeria metalikoak onartuko dira baldin eta kolore ilunetan bukatuta badaude. Inoiz ere ez da onartuko arotzeria metaliko anodizaturik, inongo koloretan ezta iluna izanda ere.
  • Barandak: Balkoietako barandak beti kalatuak izan beharko dira; egurrez eginak —egur naturalez edo margotuz—, edo metalikoak —ahal dela kolore ilunez lakatu edo tratatuak—, baina inoiz ere ez anodizatuak. Balkoien itxituretan ez da onartuko fabrikako karelik, ezta material plastikorik erabiltzea ere paneletan, beiretan eta antzekoetan.

m)Instalazio eta eraikin osagarriak:

Ustiapenerako instalazio eta eraikin osagarriak eraiki ahal izango dira, hala nola, ukuiluak, kortak, lastategiak eta siloak.

Siloak izan ezik, beste guztiak eraikin nagusiari atxikita joan beharko dira, horrekin konposizio-unitate bakarra eratuz.

Eraikin nagusiaren oinplano-okupazioak, eraikin eta instalazio osagarriekin batera, ezingo du gainditu, gehienez ere, 300 metro koadroko azalera.

Eraikin horien kanpoaldean, eraikin nagusian erabili diren material berdinak erabili beharko dira.

n)Uztailaren 6ko 141/2004 Dekretua bete beharko da. Dekretu horren bidez, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dira.

Baserriko nekazaritza-ustiapen berriaren barruan, uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuak araututako abeltzaintza-ustiapen tipifikatuetakoren bat garatzen bada, dekretu horretako I. Eranskinak ezarritako guztia bete beharko da.

o) Ur-hornikuntza: Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenean erabili beharreko ura udal-saretik aparte hartu beharko da Udalak egoki iritziz gero, bai ustiapena sare gertukoenetik urrun dagoelako, bai izan dezakeen kontsumoa oso handia delako

p) Urak araztea: Ustiapen guztiek ur zikinak eta hondakin-urak arazteko sistema egokiak izan beharko dituzte, ustiapenean aurreikusten diren animalien eta biziko diren lagunen arabera kalkulatutakoak. Uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuak araututako abeltzaintza-ustiapen tipifikatuetakoren bat garatzen bada, arazteko sistemek dekretu horretako I. Eranskinak ezarritakoa bete beharko dute.

q) Partzeletako itxitura: Partzela pribatuetako itxiturak honela egin beharko dira: metro bateko altueratik beherako harlangaitzezko hormaz, edo lurrean tinkatutako harrizko lauzez, edo 1,30 metroko altuera gaindituko ez duten landare-elementuez.

Egurrezko hesolez eta alanbrez egindako behin behineko itxiturek ez dute gaindituko 1,20 metroko altuera. Ezingo da erabili alanbre arantzaduna partzela pribatuen eta bide edo lursail publikoen arteko muga-itxituretan.

137. artikulua.- Lehendik dauden nekazaritza-ustiapenak (baserriak) berriztea, birgaitzea edo handitzea

Irizpide orokor gisa, lehendik dauden baserri guztiak mantendu beharreko elementutzat hartzen dira euren balio historikoarengatik eta, kasu batzuetzan, balio arkitektonikoarengatik.

Horrexegatik, lehendik dagoen edozein baserri birgaitu ahal izango da, nekazaritza-ustiapen izaera izanda ala izan gabe, hau da, ustiapen bat justifikatzeko behar diren lursailak izanda ala izan gabe.

Horrenbestez, artikulu honetan berdin-berdintzat hartuko dira nekazaritza-ustiapenak eta baserriak.

Irizpide orokor gisa, halaber, baserriak berrizteko, birgaitzeko edo handitzeko lanetan, baserri bakoitzaren berezko ezaugarri bereziak errespetatu beharko dira.

Baserriak berreraikitzea arautzen du, halaber, Lurzoru eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 30. artikuluan ezarritakoak.

Horrenbestez, eta artikulu horretako 1. puntuan hitzez-hitz dioenaren arabera:

Baserriak berreraikitzeko baimena, soilik, baserritzat jotzeko modua ematen duen egitura eraikia gordetzen dutenean emango da. Eraikinen murruen hondarrak ezin izango dira inoiz ere berreraiki, ez baldin badira jatorrizkoen gailurrera iristen; eta, oro har, jatorrizko higiezinaren oina jakiteko modurik ematen ez duten hondarrak ere ez, eta ezta ere jatorrizko higiezin horren jatorrizko bolumetria jakiteko modurik ematen ez dutenak.”

Dena den, lurzoru urbanizaezinean baserriak eta bizitegi-eraikinak berreraikitzeko baimena eman ahal izango da, horiek ustekabeagatik edo halabeharragatik geratu direnean baliaezin, baldin eta hori behar bezala egiaztatzen bada; eta sistema orokorrak ezarri behar zirela-eta, jabetza kentzeko prozedura bategatik eraitsi direnean ere bai. Horrelakoan, aipatutako artikuluaren 2. puntuak ezarritakoari jarraituko zaio.

Azaldu denagatik, baserri bat berreraikitzerakoan ez da inolaz ere onartuko jatorrizko kokapena aldatzerik.

Bi jarduketa-mota bereizten dira:

a) Lehendik dauden ustiapenak berrizteko eta birgaitzeko jarduketak: Horrelakoetan, honako baldintzak errespetatuko dira:

Kanpoaldeko elementuetan eragiten duten lanak:

Honelako lanetan, bolumenak, estalkiak, gorputz eta elementu irtenak, fatxada-baoak eta abar eratzerakoan, jatorrizko baserriaren kanpoko bukaera-itxura mantendu beharko da.

Interesa duten elementu arkitektoniko edo artistiko guztiak mantendu beharko dira, bai kanpoaldekoak bain barrualdekoak, hala nola, armarriak, arkuak, ateburu zein leihoburuak, ate- eta leiho-baoak, estalki-hegalak, eta abar.

Halaber mantendu beharko dira eraikinaren egiturarako oinarrizkoak diren elementuak, hala nola, familia biko baserrietan dauden mehelinak, sarrerako arkupeak eta portxeak, eta intereseko beste elementuak.

Eraikin nagusiari kendu egin beharko zaizkio atxikita dituen eranskinak, teilapeak, siloak eta, orokorrean, erabiltzen ez diren edo jatorrizko baserri-itxura galarazten dioten elementuak.

Kanpoaldean erabili beharko diren materialak Ordenantza hauetako 126. artikuluko l) puntuan zehaztutakoak dira.

Etxebizitza-kopurua, gehienez:

Birgaitutako baserriak gehienez ere bi etxebizitza eduki ahal izango ditu, eta behin etxebizitzak eraikitakoan, Jabetza-Erregistroan inskribatu beharko dira nekazaritza-ustiapenari lotuta eta bertatik banaezineko elementu gisa.

Horrelakoetan, etxebizitza bakoitza sortu diren ustiapenetako bakoitzarekin lotu ahal izango da.

Urak araztea:

Ustiapen berrietarako ezarri denari jarraituko zaio.

b)Jatorrizko baserria handitzea:

Handitze-lana izan daiteke jatorrizko baserriari eraikinak atxikitzea, edo baita baserriari atxiki gabe berarekin lotura edo lotespena izango duten eraikin berriak egitea ere.

Horrelakorik onartzeko baserrian nekazaritza-ustiapenarekin jarraituko dela justifikatu beharko da.

Atxikitako eraikinak:

Baserria handitu ahal izango da betiere jatorrizko baserriaren eraketa ez bada aldatzen.

Atxikitako gorputzen altuerak ezingo du gainditu baserriko batez bestekoa; eta oinplano-okupazioak ere ezingo du gainditu jatorrizko baserriaren oinplano-azalaren %20a.

Baserrirako instalazio osagarriak ere eraiki ahal izango dira, Ordenantza hauetako 126. artikuluko m) puntuan ezarritako baldintzak errespetatzekotan.

Lehendik dauden baserriei lotutako eraikin berriak:

Nekazaritza-ustiapenak hobetzeko asmoz, lehentasunez etxebizitza izango den eraikin berri bat altxatuz ere baserria handitzeko lanak egin ahal izango dira, betiere honako baldintzak betez gero:

  • Eskatzailea:Handitze-lanen eskatzaile-sustatzailea, kasu guztietan, ustiapenaren titularra izan beharko da, edo bestela, titularrarekin odolkidetasunezko lotura zuzena duen bat (seme-alaba, anai-arreba).
  • Partzelazioak eta segregazioak:Ezingo da egin jatorrizko baserriko lursailak eraikin berriarekin lotzeko inongo segregaziorik. Onar daitekeen kasu bakarra hau da: segregaziotik sortzen diren lursail-batuketa biak bakoitza bere aldetik nekazaritza-ustiapen izan daitekeela justifikatzen bada, eta ustiapen bakoitzak horretarako behar dituen gutxieneko lursailak —3 hektarea— baditu. Horrelako kasua, dena den, ez litzateke sartuko jatorrizko ustiapenen handikuntzen artean. Gainontzeko kasuetan, eraikin berria jatorrizko baserriak osatzen duen ustiapenaren osagarri gisa geldituko da, eta bertatik banaezinekoa izango da erregistroan. Betebehar hori jaso egin beharko da obretarako udal-lizentziaren baldintzen artean; eta horrelako baldintza den aldetik, eraikin berriari buruzko obra berriaren deklarazioan ere jaso beharko da eta, eraikitze-lanak bukatutakoan, Jabetza-Erregistroan inskribatu.
  • Etxebizitza-kopurua, gehienez: Jatorrizko baserriak, eraikin berria kontuan hartuta, ezingo du eduki inolaz ere bi etxebizitzatik gora.
  • Eraikin berriaren kokapena: Eraikin berriak, muga guztiekiko, gutxienez 10,00 metroko tartea errespetatu beharko du. Inoiz ere ezingo da kokatu jatorrizko baserritik 25,00 metrora baino urrunago.
  • Eraikin berriaren eraketa: Eraikin berria bat etorri beharko da, harmonikoki, jatorrizko baserriarekin. Horretarako, ondoriozko multzoaren harmonia egiaztatu ahal izateko, eraikin horietarako lizentzia eskatzeko proiektuetan honakoak jaso beharko dira: ezarpen-planoan baserriaren kokapena eta bertara joateko sarbideak, solairu-planoak eta fatxada-planoak.
  • Eraikin berriak gehienez bete dezakeen oinplano-okupazioa: Eraikin berriak gehienez bete dezakeen oinplano-okupazioa 150 metro koadro da.
  • Beste baldintza batzuk: Gainontzeko baldintzak Ordenantza hauetako 136. artikuluan ezarritakoak dira, hala nola, gehieneko altuera eta solairu-kopurua, eraikinaren bolumena eta kokapena lursailean, baimendutako gorputz irtenak, estalkiaren forma eta baldintzak, pisuen altuerak eta altuera libreak, bizigarritasun-baldintzak, eskaileren forma eta neurriak, fatxaden konposizioa eta eraikinetan erabili beharreko materialak.

c)Lehendik dauden baserriak zatitzea:

Lehendik bi etxebizitza dituzten baserri edo nekazaritza-ustiapenak zatitu ahal izango dira etxebizitza bakoitzari lursail batzuk esleitzeko, baldin eta sortzen diren zati biak bakoitza bere aldetik nekazaritza-ustiapen izan daitekeela justifikatzen bada, eta ustiapen bakoitzak horretarako behar dituen gutxieneko lursailak —3 hektarea— baditu.

d)Segregazioak eta zatiketak lurzoru urbanizaezinean:

Lehendik dauden baserrietako lursailen segregazioak eta zatiketak onartu ahal izango dira betiere hirigintza-garapenerako partzelazioak ez badira.

Baldintza hori lizentzia emateko egintzan jasoko da eta, era berean, Jabetza-Erregistroan inskribatu beharko da, banatutako lursailen inskribapenarekin batera.

138. artikulua.- Nekazalturismoko jarduera, nekazaritza-ustiapen eta baserrietan. Jatetxeak lurzoru urbanizaezinean.

Nekazalturismoen jarduera honako dekretuak arautzen du: maiatzaren 28ko 128/1996 Dekretua, Landa-Inguruneko Turismo Ostatuak arautzeko dena. Dekretuak berak, III. kapituluan, landa-kanpinak ere arautzen ditu. Zati batean aldatu egin zen irailaren 23ko 210/1997 Dekretuaren bitartez.

Dekretuaren aplikazio-eremua handitu egin zen uztailaren 29ko 191/1997 Dekretuaren bitartez. 191/1997 Dekretuak honakoak arautzen ditu: apartamendu turistikoak, oporretarako eta turismorako etxebizitzak, etxe partikularretako geletan ostatua ematea, eta landetxeak.

Bergarako udalerrian badago mota horretako ostaturen bat, eta besteren bat ere sor daiteke aurki.

Horiek guztiak jarduerarako berariazko araudiaren bitartez arautuko dira.

Ostalariza-zerbitzu bat (jatetxea) egokitu ahal izango da lehendik dagoen baserriren batean baldin eta Ordenantza hauetako 126. artilukuan ezarritako baldintza betetzen badu, eta jarduerarako berariazko araudia ere betetzen badu.

Nekazalturismo-jarduera bat edo ostalaritzako beste zerbitzuren bat jartzeko, kokapenak honako baldintzak izan beharko ditu derrigorrez: sarbide egokiak izan beharko ditu ibilgailu-mota guztientzako (baita autobusentzako ere); aparkatzeko tokia egokitu ahal izango du; eta jarduera garatzeko beharrezko azpiegitura-zerbitzuak izango ditu edo izateko aukera izango du.

Inoiz ere ezingo da jarri ostalaritza-jarduerarik eraikin berri batean.

139.- Familiako etxebizitzarako eraikinak

Lurralde-Antolamendurako Gidalerroen (DOT-en) xedapenei jarraituz, berariaz debekatuta gelditzen da lurzoru urbanizaezineko kategoria guztietan etxebizitza bakartuak eraikitzea, ez bada nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenei lotuta.

140. artikulua.- Erauzketa-erabilerarako eraikinak eta instalazioak

Ez da onartuko horrelakorik jartzea lurzoru urbanizaezineko inongo kategorietan; horrenbestez, ez da ezarri inongo araudi berezirik erabilera arautzeko.

141. artikulua.- Eraikin mugigarriak edo prefabrikatuak jartzea

Izaera iraunkorraz jarri nahi diren eraikin prefabrikatuak —egurrezkoak zein beste materialezkoak, finkoak zein mugigarriak—, karabanak, mobilhome-ak, edo bizitoki, ostatu zein atseden-leku moduan —jarraian nahiz aldizka— erabil daitezkeen beste edozein elementu, ondorio guztietarako, etxebizitza-erabilerako eraikin berri gisa hartuko dira eta, beraz, horrelako eraikinetarako ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

142. artikulua.- Lurzoru urbanizaezineko beste eraikin batzuk:

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko kategorian baino ez dira onartuko.

Honako eraikin-mota hauek bereizten dira:

a)Txabolak:Txabolak eraikitzerakoan, honako baldintzak bete beharko dira:

  • Partzela:Partzelak, edo modu iraunkorrean landutako ortuak, gutxienez 1.000 metro koadroko azalera izan beharko du.
  • Bolumen-baldintzak: Txabolak gehienez 10,00 metro koadroko azalera izango du, eta 2,00 metroko altuera, lursaileko edozein puntutatik teilatu-hegal horizontaleraino neurtuta.
  • Tarteak: Eraikin guztiek, mugekiko, gutxienez 10,00 metroko tartea errespetatuko dute.
  • Eraikuntza-ezaugarriak: Eraikuntza behin-behinekoa izango da. Erabili beharreko materialak ondorengo puntuetan zehaztutakoak izan beharko dira: 136. artikuluko l) puntuan, eraikin berriaren estalkiko eta fatxadako materialei dagokienez; eta artikulu beraren q) puntuan, egin litezkeen partzela-itxiturei dagokienez. Ezingo du eduki ur-hartunerik, argindar-hartunerik, ezta urak husteko instalaziorik ere.
  • Lizentziaren baldintzak: Udal-lizentzia prekarioan emango da beti. Titular batek gertuan dauden bi partzela edo gehiago lantzen baditu, txabola bakar bat eraikitzeko baimena emango zaio.

b) Aterpetxeak, hotelak, kanpinak eta antzekoak: Ez da aurreikusten lurzoru urbanizaezinean horrelakorik eraikitzea; beraz, ez dira arautu Plan Orokor honetan.

143. artikulua.- Lurzoru urbanizaezinean lehendik dauden eraikinak

Lurzoru urbanizaezinean, etxebizitza erabilerarako lehendik dauden eraikinak gaur egungo egoera berean finkatzen dira bizitegi-erabilera duten bitartean, betiere araudi berezitakoren baten eraginez, edo Sistema Orokorrak daudelako edo ezarri behar direlako, finkapen hori ezinezkoa suertatzen ez denean. San Juan aldeko Aribar baserriak ezingo du garatu etxebizitza-erabilerarik, industria-area finkatuetatik gertu dagoelako.

Dena den, onartu ahal izango dira, bertan, gertuko erabilera-industrialekin eta kokatzen den nekazaritza-ingurunearekin parekagarri izan daitezkeen jarduerak.

Lurzoru honetan kokatutako edonolako industria-eraikinak guztiak antolamenduz kanpo gelditzen dira; esate baterako, Mekolalde inguruan dauden industriak eta Mekolalderen eta Osintxu auzoko erdigunearen arteko errepide-tartean dauden industriak, baita Benta baserriaren parean dagoen industria ere eta eskualdeko Bergara-Arrasate errepidearen ondoan, industria-sailkapeneko lurzoru-eremuetatik kanpo dauden gainontzeko industria-txikiak.

Ola eta Elorregi auzoen artean, GI-627 errepidearen eta Deba ibaiaren ezkerraldearen artean dagoen txatartegi-jarduerari buruz, berriz, emandako baimenean jasotzen diren baldintzen eta epealdien menpe dago.

Sanantonabat auzoko 9. zenbakiko eraikinari buruz, gaur egungo zentral elektrikoko jarduera finkatu egiten da eta, jarduerari lotuta, baita gaur egungo eraikinaren bolumena ere, hau da, zentrala izateko xedea duen erdisotoko lokala, ostalaritzako jarduera baimenduta duen beheko solairua, eta etxebizitzarako goiko solairua. Beste edozein jarduera berri jarri nahi bada, aurrez, ibilgu publikoen arloan eta jarri nahi den jardueraren arloan eskumena duten erakundeek euren baimenak eman beharko dituzte, dagokion lizentzia eman baino lehen.