Hondakin bilketa selektiboa

Bergara berdea

Bergarako Udalak hiri hondakinak biltzeko egungo sistema aldatzeko hautua egin du eta laster gaikako hondakin bilketa selektiboa martxan jarriko da gurean.

Sistema honek hondakinak "atalka" biltzea du helburu, batutako material bakoitzak dagokion bidea jarrai dezan birziklagarri edo konpostagarri dena helburu horretara bideratuz.

Produktuak sortu, kontsumitu eta botatzeko ereduak gainezka egin du eta kutsadura eta osasun arazoak sortu ditu; baita hainbat eta hainbat baliabide naturalen gain-espotazioa ere. Eredu lineal honi irtenbideak eman behar zaizkiola argi dago, hondakin gutxiago sortu, berrerabili eta birziklatzetik abiatuz.

Izenak berak adierazten duen bezala, gaikako bilketak hondakinak jatorrian bereizi beharra dakar, bota aurretik. Bereizteko beharraz gain, bilketa atez ate egingo dela esaten denean (horrela bilduko baitira ataletariko batzuk, nahiz eta ez guztiak) etxebizitza, erakunde, elkarte, komertzio, baserri eta enpresen atean edota kasu bakoitzean egokituriko bilketa puntuan jasoko direla esaten ari gara.

Sistema honekin gaikako bilketaren tasa %80ra igotzea aurreikusten da eta, ondorioz, egun zabortegietara bideratzen diren hondakinen kudeaketa egokiago bat egitea lortuko dugu. Bilketa atez ate egiten den kasuetan, aurrez adosturiko egutegi eta ordutegien arabera burutzen da hondakinek kalean ordu gutxi batzuk eman ditzaten.

Informazio beharra

Webguneko espazio honek herritarren kezkak argitzea eta inplantatuko den sistemaren oinarriak ezagutzera ematea du helburu. Hori dela eta, informazioaz gain, hainbat bideo, artikulu eta orrialde interesgarrietako loturak ere erantsi dira bertan.

Edonola ere, informazio gehiago eta zehatzagoa behar duen edonork Hondakin Bilketa Selektiboaren Informazio Bulegora jo dezake. Bertan lanean ari diren informatzaileak gu guztion zalantzak argitzeko baitaude.