Gabonetako argiak jarriko dira aurten Bergaran

Bergarako Udalak 2012an galdutako ohitura bat berreskuratzeko erabakia hartu du. Hala, aste honen bukaeran, herriko hainbat txokotan Gabonetako argiak jartzeko muntaketa lanetan hasiko dira. Argiak piztuta, abenduaren 10etik aurrera izango dira. Egun horretatik urtarrilaren 6ra bitartean, arratsaldez 17:30etatik 00:00ak bitartean eta 6:00etatik 8:00etara bitartean argiztatuko dute egunero herria.

Argiak jartzeko erabakia hartu ostean, hiru enpresari eskatu zitzaien aurrekontua. Hala, Maykolux S.L enpresari alokatzea erabaki da. Guztira, 18.089,50 euroko (BEZ barne) kostua izango du eta LED argiak ipiniko dira.

Honako puntuetan jarriko dira zehazki argiak:

-San Pedro

- Barrenkale

- Bidekurutzeta

- Artekale-Arruriaga

- Irala kalea

- Fraiskozuri

- Udaletxea

- Azokan

AUZOAK

- Bolu

- San Lorentzo

- San Antonio (biribilgunean)

- Ibargarai (biribilgunean)

- Espoloia

Argiztatu zuk zeuk zuhaitza

Argiak jartzeaz arduratuko den Maykolux enpresak, oparitxo bat ere egin nahi izan die bergararrei. Hala, abenduaren 19 eta 28an eta urtarrilaren 5ean Fraiskozuri Plazan 7 bizikleta jarriko ditu frontoi aurrean. Bizikleten pedalei eraginez zuhaitzak argiztatu egingo dira arratsaldeko 18:00etatik 20:30era.