Deba ibaiarekin konpromisoa

Uraren kultura berria atsegin dugu, hau da, uraren eta ibaien kudeaketan ikuspegi multidisziplinarra eta jasangarria aurrera eramatea.

2012ko martxoan, Uraren Kultura Berriaren inguruko gizarte mugimenduko herritar eta adituekin gaiaren inguruko jardunaldiak antolatu genituen. Mugimendu horren arabera, uraren gestioan ezin dugu ikuspegi soila aintzat hartu. Betiko politika hidraulikoak motz gelditu dira gizartearen behar eta kezka berriei aurre egiteko orduan eta garapen jasangarriaren paradigma berriaren aurrean.

Ibaien kasuan gakoetako bat zera da: ulertzea ibai-errekak ez direla H2Oa garraiatzen duten kanal soilak, hori baino askoz gehiago direla. Uraren kultura berrian, ibai-errekek gordetzen duten biodibertsitatea ezagutzea eta kontserbatzea ezinbestekoa da. Funtsezko elementuak dira ere erreken balio sozialak, kulturalak, ludikoak, estetikoak eta paisajistikoak, nortasun-eratzaileak. Eta hori, ziklo hidrologikoa bere osotasunean ulertuz eta kudeatuz, ingurune naturaletan eta hiriguneetan ere. Uraren kultura berria gehiago ezagutu nahi baduzu, hona hemen Uraren eta Aurrerapenaren kultura berria liburuxka.

Ibai-erreken balio anitzekin dugun konpromisoaren lekuko, hor dago 2013an antolatu dugun auzolana: 350 bergarar elkartu gara Deba ibaiaren bazterretan pilatutako zaborra garbitzeko, auzolanean ibaiari duintasuna itzultzen hasteko. Izugarria izan da!

Orain jarraitzea tokatzen zaigu: Herritarrei esker hainbat isurketa-puntu antzeman dugu ibaian eta horiek konpontzen joatea da gure erronka; bazterretako naturaltasuna berreskuratzen hasi beharko gara. Eta ibaia gozatu behar dugula ahaztu gabe!