Hiri lurrean dauden behe solairuko lokalak erabileraz aldatzeko jarduketen ordenantza

Ordenantza honen helburua erabilpena tertziariotik bizitegitara aldatzea dakarten jarduerak arautzea da, bizitegitarako hiri lurzoru finkatuko zenbait eremutan kokaturiko lokaletan.

Ordenantza honen aplikazio esparrua hiriko bizitoki gune finkatuetako erakinetako etxabeak izango dira. Planeamenduko arau subsidiarioen berrikuspen dokumentuak etxebizitza izan daitezkeen etxabeak jasoko ditu. Bien bitartean, Bergarako udaletxeak banan-banan aztertuko ditu jasoko diren eskariak, betiere, erabilera aldaketek Ordenantza honetan zehaztutako bizigarritasun baldintzak betetzea kontuan hartuta.

Ondorio horietarako, etxabetzat ulertuko da bere azalera eraikiaren ehuneko berrogeita hamar baino gehiagokoan eraikinaren beraren erreferentzia kotarekin bat duena.

Kasu jakin batzuetan, aukera ematen da, gainera, zegokien planeamenduan erabilpen tertziariotara xedatzen ziren beste oin batzuen erabilpena aldatzeko ere. Espreski debekaturik geratuko da ordenantza hau sotoetako oinetan aplikatzea.