Laboratorium Museoa

logoa

Gure nahia

argazkia Ez dugu nahi Laboratorium soil-soilik erakusketa bat izatea. Bergaran murgildutako eragile gisa ikusi nahi dugu, bertako jarduera sozial, ekonomiko eta kulturalaren barnean, herritar helduentzako zientzia-programak sortzen, lantegi didaktikoak eratzen, udaleku zientifikoak garatzen, ikasleekin loturak ezartzen, eta baita Bergarako hirigune historikoa eta natura ezagutzeko bisitaldiak edo txangoak antolatzen ere.

Historia harrigarria

argazkia Bergarak gordeta duen historia harrigarria da. Bergarako Errege Seminarioak, krisi-garaiak gainditzeko, berrikuntzaren aldeko apustua egin zuen heziketaren eta ikerketa zientifikoaren bidez. Ikasketa praktikoek eta bilduma zientifikoek goi-goia jo zuten Wolframa aurkitzean.

Ardatz nagusia, berrikuntza

argazkia Bergaran, etengabeko taupada bat antzematen da; berrikuntzaren taupada. Aspalditik dator; Ilustraziotik behintzat bai; izan ere, garai hartan, toki batetik bestera ziztu bizian joan nahi genuen, mezuak berehala bidali nahi genituen, espezie ezberdinak aurkitu, mundua argiztatu. Eta oraindik ere, berrikuntza da gizakien bizimodu baldintzak hobetu ditzakeen tresna giltzarria.

Esperientzia berezia

argazkia Bisitaldia lorategian hasten da; kontinente ezberdinetako espezie botanikoak ditu. Errekalde jauregian, Peñafloridako kondea bizi izan zen tokian, XVIII. mendera arte bidaiatuko dugu. Elhuyar anaiak ezagutu eta wolframa aurkitzen lagunduko diegu; taula periodikoaren elementuak atzamarretan hartuko ditugu; animalia bitxiak ezagutuko ditugu, Ozeania, Asia zein Amerikakoak.

Bilduma hunkigarria

argazkia Museoko bildumak bihotza ukituko dizu, aurkikuntzaren ilusioa gertutik bizi izanaren gogorapena gordetzen baitu. Bilduma aparta da, paregabea, bakarra, bai erakunde sortzaileak izandako garrantziagatik, bai bildumaren antzinatasunagatik, bai gordetzen dituen aparteko ale bereziengatik. Fondoak dituen 3.000 aleetatik, pieza batzuk bakarrik daude erakusgai; baina gaur egun guzti-guztiek dute arte-lanen pareko balioa.

EranskinaTamaina
Argibideak7.97 MB